XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GARBITOKIAREN MENDEA

VII. mendearen amaieran, arimak atseden izan zezan mezak gero eta gehiago eskatzen ziren. Hildakoen oinazeak arintzeko bizien bitartekaritzak garrantzia zuen eta horrek garai hartako jendearentzat hirugarren lekuan sinesteak zer-nolako maila zuen adierazten du.

XVI. azken herenetik XVIII. mendearen erdialdera arteko garai hura Trentoko kontzilio ondorengo pastoraltzaren eta garbitokiaren mendea dela esan daiteke. Garbitokiko arimei eskainitako aldareak ugaldu ziren eliza eta kaperetan. Kristoren Nekaldia medio, Ama Birjinaren bitartekaritza eta santuen laguntza eskatzen zen.

Koadroaren azpialdean, hildakoak itxaropentsu edo oinazetan agertzen ziren, zeruko errukiaren eta bizien laguntzaren zain. Beren bekatuak garbitzeko... eta bizien lasaitasunerako zeuden han.

ARGIEN MENDEA: INFERNUAREN GAINBEHERA

Aro barrokoan zegoen hileta-zeremonia handia XVIII. mendean zehar ahulduz joan zen. Aukeratutako leku batzuetan eta testamentuetako klausuletan oinarrituz, gehienetan 1750-1770etik aurrera, hileta-praktiketan izandako eboluzioa aztertu ahal izan da.

Zer gertatu zen? Elizaren jarrera ez zen aldatu eta bere pastoraltza aktiboak nekazaritza-giroan arrakasta izan zuen zalantzarik gabe. Baina azken helburuei buruz egiten zen indarra ahultzen hasi zen.